XAKEKO TALDEKAKO EUSKAL LIGA.

(2014ko urtarrilaren 10etik martxoaren 7ra).

 

 

 

OHOREZKO MAILA.

 

 

 

SESTAO NAGUSITU ZITZAION GROSI.

 

            Urteko neurketa Sestaok irabazi zuen, Donostian bertan. Txapeldun aldaketa izanen dela aurreikus daiteke. 2.615eko eloko Pavel Tregubov 44 urteko errusiarrak indartu zuen talde bizkaitarra eta, horrela, puntu bateko ustezko abantailarekin abiatu zuen neurketa Sestaok. Halaxe gertatu zen. Alejandro Francok galdu zuen bere aurrean.

 

            Iñigo Argandoñak nolabaiteko ustekabea eman zuen, Mario Gomez garaituta, baina ez zen aski izan Grosentzat. Erabakigarria izan zen Alejandro Ruiz Gomez eta Patrice Etchegaray-ren arteko partida. Orekatua agertzen zen hasieran. Sestaokoak irabazi zuen eta titulua ia ziurtatu zion bere taldeari. Gabriel Del Riok eta Santiago Gonzalez De la Torrek berdinketa egin zuten.

 

            Sestaok zertxobait zailagoa du egutegia (Conteneo eta Donibane geratzen zaizkio eta Grosi Urnieta eta Abadiño), baina 2’5 puntuko aldeak nahiko koltxoi behar luke izan.

 

            Orvina Ak jaisteko arriskupean ekin zion asteburuari, baina bi kolpe indartsu emanda zalantza oro uxatu zituen. Larunbatean 3’5-0’5 irabazi zion Abadiñori eta igandean 1-3 Conteneori. Orain hirugarren geratzeko hautagai sendoa da.

 

            Batalla garaiz esnatu eta garaipen garrantzitsua lortu zuen Donibaneren aurka (1’5-2’5). Bere ohiko leku batean gera daiteke azkeneko sailkapenean (laugarren).

 

            Conteneo eta Arrasate/Arlutz taldeek oso neurketa garrantzitsua jokatu zuten, jaistea saihesteari dagokionez. Conteneok 3-1 irabazi zuen eta iazko errebelazio taldea izerdia bota beharrean ibiliko da azkeneko bi txandetan.

 

            Gasteizen Urnietak pronostikoa hautsi zuen (1-3 San Viatorri). David Astasioren taldea aurten jais daiteke.

 

JAITSIERA EKIDITEKO BORROKAK MANTENDUKO DU IKUSMINA.

 

Abadiñon eta Arrasaten jarriko dira begiak larunbatean eta Bilbon igandean.

 

            Abadiñok San Viator A baino puntu eta erdi gehiago dauka, baina Grosen aurka bukatuko du Liga. Beraz, abantaila hori mantentzea hil ala bizikoa du. San Viatorrek Orvina Aren aurka amaituko du txapelketa.

 

            Arrasate/Arlutzek puntu erdi gehiagorekin hasiko du Donibaneren aurkako norgehiagoka. Neurketa bat gutxiago du Donibanek baina Sestao izanen du zain azkeneko txandan. Arrasate/Arlutzek Batallaren aurka jokatuko du orduan.

 

            Conteneok Sestaoren bisita jasoko du larunbatean eta igandean Donibanerena. Urnietarekin ere jokatu beharko du gero. Neurketa erabakigarriak.

 

            Nahiz eta San Viatorri irabazi, Urnieta saltsan sartuta dago. Gros du aurkari larunbat honetan, Conteneo aurrean izan baino lehen.

 

            Batalla eta Orvina hirugarren postuarengatik lehiatuko dira. Errazago dute Iruñekoek.

 

            Pronostikoa egitekotan, Urnieta eta Arrasate/Arlutz dira zailen dutenak, San Viator ere urrun ibiliko ez delarik. Mahaietan erabakiko da.

 

 

 

LEHENENGO MAILA.

 

 

 

SESTAO B-REN ASTEBURUA.

 

            San Viator B eta Calasanz talde gasteiztarrek ez zituzten atzeratutako neurketak aprobetxatu eta bete-betean daude jaisteko posizioetan. Easo eta Orvina Bren arteko berdinketak posizio lasaietan utzi ditu bi taldeak.

 

            Altzaga eta Zornotza gora begira hasi zuten bien arteko dema. Berdinketak oso ongi utzi du Leioako taldea. Zornotza, 3 puntu gutxiagorekin, jaitsiera saihesteko borrokan sartuko da.

 

            Iruñean Orvina B-k eta Kultur Sustapenak interes handiko lehia jokatu zuten. Iruñeko taldearen garaipenak (3-1) posizioak zehaztu ditu. Orain nolabaiteko lasaitasuna du Orvinak eta Kultur Sustapena ia jaitsita dago.

 

            Sestao B-k Easori 1’5-2’5 irabazi zion. Sestaok titulua poltsikoan dauka, baina ezin da igo. Easok, dena den, igotzeko aukera mantendu du.

 

            Gasteizko derbian Calasanz 1-3 nagusitu zitzaion San Viator B-ri. San Viatorrek dagoeneko ez du zer eginik. Calasanzek astindua eman beharko dio bere jardunari jaitsiera saihesteko.

 

            Zuri Baltzari kostatu zitzaion Anaitasuna Kakute gainditzea (2’5-1’5). Horrek igoera zailtzen dio (Easo puntu batera dauka). Anaitasuna Kakutek, ordea, ez du erraza maila mantentzea.

 

ZURI BALTZA ETA EASO, ORPOZ OROPO IBILIKO DIRA.

 

            Sestao, Gasteiz eta Errenteria izanen dira lehiarik interesgarrienen lekuko. Sestao B-k Zuri Baltza hartuko du eta Calasanzek Easo. Teorian, Zuri Baltza eta Easoren artean igotzeko postu bat dago jokoan.

 

            Sestao liderra da eta postu horretan bukatu nahiko du, baina, hala ere, motibazio gehiago izanen du Zuri Baltzak. Easo saiatuko da Zuri Baltza harrapatzen, baina Calasanzek badaki huts egiteko tarte gutxi duela.

 

            Errenterian, Kultur Sustapena – Altzaga neurketa jokatuko da. Altzagak igoera ziurta dezake eta Kultur Sustapenak bere jaitsiera. Ala ez, agian etxeko taldeak ez du bere azkeneko hitza erran.

 

            Anaitasuna Kakute – Orvina B eta Zornotza – San Viator B neurketak aprobetxatu beharko lituzkete Orvinak eta Zornotzak jaisteko arriskutik kanpo geratzeko.

 

            2015-02-21.

 

                Iturria: Euskal Xake Federakuntza.